
Ikasturtearen hasierarekin batera, Zornotzako Ipurtargi Gazte Asanbladak lan eta erronka berriei ekin die. Ikasturte honetako lehen ekintza publikoa hauxe izan da, hain zuzen. Iluntzeko 8etan abiatu ziren gazteak AHT STOP zioten kartelak zeramatzatela, eta une oro trikitixa eta panderoak lagunduta. Giro polita eman zioten gauari, bi orduz egon baitziren Luis Urrengoetxea kaleko tabernetatik aldarrikapena egiten. Ekimena ez zen oso jendetsua izan, 15 bat gaztek soilik parte hartu baitzuten. Hala ere, Ipurtargikoek zuten helburuetako bat bete zuten: larunbatean Durangon egitekoa zen AHTren aurkako manifestaziorako deialdia zabaltzea, alegia.
Iaz egin bezala, AHTren aurkako jarrera izango da taldearen ildo nabarmena. Beste hanbat gai ere jorratzen dituzte baina honi lehentasuna ematea erabaki dute, kideetako batek adeierazi bezala, "ezin dugulako onartu gutxi batzuen interesei jarraiki aurrera eramandako proiektu batek gure amalurra erasotzea".
No hay comentarios:
Publicar un comentario