lunes, 26 de noviembre de 2007

"Eta honen aurrean, ZUK ZER EGINGO DUZU?"

Atzo, azaroak 25, emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna ospatu zen. Leku askotan egin zen bezalaxe, Zornotzan ere burutu zen ekimen bat. Eguerdiko 13:00rako deitu zuen kontzentrazio bat Zornotzako Emakumeen Plataformak eta, besteak beste, Euskal Herriko Bilgune Feministak bat egin zuen deialdiarekin. 70 bat lagun batu ziren, tartean deialdia egin zuten taldeetako kideak edota alderdi politiko guztietako ordezkariak, eta 15 minutuz emakumeek bizi duten egoera salatu zuten. Amaieran irakurritako komunikatuan, egoeraren adierazle diran hainbat datu aipatu zituzten, esate baterako, iaz Euskal Herrian indarkeriaren ondorioz hildako 5 emakumeak edota egunean 8 emakumek jasaten dituztela tratu txarrak EAEn. Honen aurrean, gizarteari erantzuteko deia luzatu zioten "berdintasun erreal baten alde". Honen harira, esan behar da, aste guztian zehar aritu direla Bilgune Feministakoak genero indarkeriaren inguruko datuak kaleratzen "Eta honen aurrean, zuk zer egingo duzu?" izenburua zuten kartel eta pankarten bidez. Era berean, gogoratu zuten egunero borrokatu behar direla emakumeen eskubideak eta ez soilik azaroaren 25ean.

No hay comentarios: