lunes, 17 de diciembre de 2007

Ibilaldiaren alde pilota partiduak

Pasadan ostiralean jokatu ziren ibilaldia 08ren aldeko pilota partiduak, Amorebieta- Etxanoko frontoian. Pilotalekua lepo eta kaiolan protagonistak, Titin III eta Zubieta VS Capellan eta Barriola. Emaitza gutxienekoa izan zen, aurtengo ibilaldiaren aldeko partidua izan baitzen. Giro polita sortu zen, frontoiaren inguruetan eta baita barruan ere. Haurrak helduak eta zaharrak denak euskarari bultzadatxo bat emanez, pilota festaz gozatzera.

Azkenean 22-20 tititin eta Zubietaren alde. Ikusleak pozik partidu ona izan zelako eta antolatzaileak ere bai aurrikuspenak soberan bete zirelako.

"BOBI" atxilotu dute

Goizeko 9:30etan Ertzaintzak Igor Zearreta Garai "Bobi" atxilotu du bere etxean. 2003an Guardia Zibilak eginiko operazio batean hainbat gazte atxilotu zituen, horien artean "Bobi" eta batzuk espetxeratuak izan ziren bitartean besteak aske gelditu ziren. Iragan irailean egin zen epaiketa eta bi aldeek akordioa sinatuta, espetxean zeudenak 5 urteko zigorra beteko zuten, eta gainerakoek 2 ("Bobi"ren kasua).

Epaia kaleratu denean, 2 urteko zigorra zuten gazteak atxilotzeko agindua eman du epaileak. Mementoz, Igor Zearreta eta Egoitz Fernandez bilbotarra daude atxilotuta, gainerakoak bilatze eta atxilotze egoeran daudelarik.

Atxiloketa salatzeko, arratsaldeko 19:30etan manifestazioa dago deituta Zornotzako kaleetatik.

I. Maketa lehiaketa Zelaieta Zentroan


Larunbatean, hilak 15, hasi zen Zornotzan "I. Maketa lehiaketa", Ametx erakundeak antolatuta. Bertan, herriko zein kanpoko gazteek aukera izango dute euren lanak aurkezteko.
Larunbatean hasi zen maketa lehiaketa honen bigarren zatia (lehenengoa azaroaren 10etik 24ra egin zen) eta bi astez ikusiko dira musikari gazteen lanak, abenduaren 29ra arte, alegia.
Egunero, saio bana burutuko da Zelaieta Zentroko kontzertu gelan, iluntzeko 20:00etatik gaueko 23:00ak arte. Saio hauetan zehar, antolatzaileek adierazi duten mota guztietako musika entzungai izango dela: bakarlariak, pop taldeak, rock taldeak, heavy-koak... Gainera, 14 egun hauetan zehar egingo diren emanaldi guztietarako sarrerak dohainik izango dira.
Beraz, musika atseginez eta freskoaz gozatzeko aukera nahi izatekotan, oraindik musika zuen zain dago, 29ra arte ez baita irabazkearen izena kaleratuko.

domingo, 9 de diciembre de 2007

Villarealeko gazteak nagusi Urritxen


Atzo amaitu zen "Amorebieta-Etxano Cup" futbol txapelketa. Seigarren edizio honetako garaikurra Villareal aldera joan da eta Athleticeko gazteak laugarren postuarekin konformatu behar izan dute.
Lehiaketan alebin kategoriako 8 taldek hartu dute parte, besteak beste, Burdeosko Girondins, Eindhoveneko PSV, Osasuna, Athletic edo Erreala.
Ligaxkan sailkatu ostean, Athletic finalerdietara pasatu zen, baina, ez zen gai izan nagusitzeko eta PSVk eskuratu zuen finalerako txartela. Finalean, Villarealek penaltietan irabazi dio PSVri (4-3).
3 egun iraun du txapelketak, eta, eguraldiak lagundu ez duen arren, jende andana hurbildu da futbol zelaira.
Nabarmendu beharrekoa da haurrek futbolean erakutsitako maila, horixe ikusi zelako zelaian eta berdina komentatu zelako harmailetan. Etorkizuneko izarren bat ikusi al dugu Urritxeko berdegunean?

HERRI ESKOLAK ZORNOTZAKO INSTITUTUAN

Abenduaren 6a espainiar konstituzioaren eguna izan zen eta Zornotzako institutuan herri eskolak burutu ziren. Ikasle abertzaleakek urtero egiiten du ikasturtean zehar inposatzen zaizkigun egun arrotzen inguruko salaketa eta aurten ere euskal herri osoan hainbat ikastexe zabaltzea lortu du.
Zornotzan 15 ikasle inguru bildu ziren, eta konstituzio egunerako prestatutako egitarauarekin aurrera egin zuten. 9:30 harrera, 9:45 soinketa, 11:15 hitzaldia, (bologna prozesua eta EAErako dekretu berria), amaitzeko luntxa.
Institutura hiru irakasle ere hurbildu ziren eta parte hartze aktiboa izan zuten ikasleek burututako jardueretan.
Azkenean datorren urtean borroka berarekin jarraitzeko asmoa azaldu zuten eta ikasle zein irakasle nahiko pozik agertu ziren egindako lanarekin.

18/98 KO ATXILOTUEN ALDE ELKARRETARATZEA ZORNOTZAN

Pasadan asteazkenean, abenduak 2, 150 bat lagunek ellkarretaratzea burutu zuten Zornotzako Erreferendum plazan 18/98 makrosumarioan atxilotutako kideen alde.
"Eskubide zibil eta politikoen alde, Atxilotuak askatu" lemapean egin zen elkarretaratzea eta beronen amaieran irakurritako komunikatuan , "Euskal herriaren aurka" burututako eraso honen aurrean erantzutera deitu zuten.
Zornotzako hainbat eragile ezberdinek egin zuten deialdia besteak beste, ezker abertzaleak.
Makrosumario honetan atxilotuak izan diren kideak, sententzia kaleratu gabe atxilotu zituzten eta Euskal Herri osoan deitu da protesta egiteko lanuztea abenduaren 13rako.
Zornotzan ere goizean Lab sindikatuak deituta kontzentrazioa egingo da udaletxe aurrean goizeko 12etan eta arratsaldeko 7 terdietan Erreferendum plazan bertan.

lunes, 3 de diciembre de 2007

Zornotza ere, euskararen alde

Gaur ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, atzo abenduak 2, ospatu zen Zornotzan Euskararen aldeko jaialdia. Ekimena Zornotzako Euskal Herrian Euskarazek eta Nañon Euskara Taldeak antolatu dute. Goizean goizetik aritu ziren jaia eta aldarrikapenaren nahasketarekin giroa berotzen.Azkenik eguraldia lagun izan zuten zornotzarrek, eta horrek ahalbidetu zuen gozamena. Goizean zehar, besteak beste, umeentzako pailazoak, Etxahun Lekue eta Gorka Lazkano bertsolariak, herriko trikitilariak ikusi ahal izan ziren egunerako propio jarritako txosnan.

Jabier Muguruza eta Zornotza, “Konplize”



Ostiralean, iraila30, eskaini zuen kontzertua Jabier Muguruza Zornotzako Zelaieta Zentroan. Egia esan, ez zen beste musika ekitaldi bat eta Muguruza berarentzat ere, ez zen ohiko kontzertu bat. Izan ere, Zornotza hautatu zuen bakarlariak bere lan berria aurkezteko, “Konplizeak” deritzona. Aretoa ez zen bete, baina, egon zirenek parada ederra izan zuten 15 bat kantaz gozatzeko, bai lan berrikoak bai aurrekoetakoak. Ikusleak oso pozik irten ziren aretotik, eta adierazi zuten lan berri honetan Muguruzak ez duela galdu bere musika hain berezi egiten duen “esentzia” hori. Izan ere, lan berri honetan, abesti freskoxeagoak sartu ditu, bere estiloari uko egin gabe.

ANEK IDATZI DIT ZUTAZ


Disko berria atera du Mikel Urdangarin Zornotzako kantautoreak. Bere zazpigarren diskoa da Anek idatzi dit zutaz eta aire berriak nabaritzen dira. diskoa kaleratu dutentaldeko kideak honakoak dira: Rafa Rueda - kitarra elektrikoa, Bingen Mendizabal - bibolina, Nika Bitchiashvili - bibolina, Saihela - bateria, Koldo Uriarte - teklatua eta Mikel Urdangarin - ahotsa eta kitarra.

Bere web orrian irakurri ahal izan dugunez, Anek idatzi dit zutaz lanean urriak dira kantautoreak berak idatzitako letrak, eta horrek goresgarri eta kitarragarri egiten du bere kanten sorkuntzan parte hartu duten idazle-lagun eta lagun-idazleen zerrenda. Errealitatearen isla leial eta partekatua eskaintzen da horrela, non protagonistak ez dituen ezartzen bere gertuko kolaboratzaileek jarraitu beharreko arauak, nahiz eta heldutasunaren kontraesanak gaztetasun samurrenaren zalantza existentzialek adinako lekua duen kanta hauetan. Salaketa ozen mintzatzen da egoskorkeria historikoaren aurrean, eta alaitasuna eta abaildura zein bere zokoetara baztertu ondoren, entzulea asetzeko moduko berdintasunak irabazten du borroka. Nolanahi ere, Urdangarinek igo egin du bere mezuen ozentasuna, eta era berean zabaldu egin du bere aldarrikapenen espazioa.
Aldaketa beraz, disko berria, aire berriak eta ilusioa ere bai.

lunes, 26 de noviembre de 2007

Bertsoa eta aldarrikapena uztartuta ELKARTASUN AFARIAn

Beste behin ere, bertsoa eta aldarrikapena batera joan ziren Zornotzako Propi tabernan larunbatean burutu zen elkartasun afarian.
Orain sei urte hasitako ibilbideari jarraituz Zornotzako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, elkartasun afaria antolatu zuen, falta direnak oroitzeko. 90 herritar bildu ziren herriko presoen aitzakian afari gozo bat jan eta bertsosaioaz disfrutatzera. Bertsolariak Fredi Paia algortarra eta Arkaitz Estiballez galdakoztarra.
Postrearekin batera hasi ziren bertsolariak kantuan eta gai ezberdinak jorratu zituzten. Euskal presoen egoera, eta Euskal Herriko egoera politikoa besteak beste. Umorerako tarterik ere ez zen falta izan eta afarian presente zeuden batzuen kontura barre algara ederrak entzun ziren.
Beraz berriro ere esku beretik, bertsoa eta aldarrikapena binomio polita osatuz.

"Eta honen aurrean, ZUK ZER EGINGO DUZU?"

Atzo, azaroak 25, emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna ospatu zen. Leku askotan egin zen bezalaxe, Zornotzan ere burutu zen ekimen bat. Eguerdiko 13:00rako deitu zuen kontzentrazio bat Zornotzako Emakumeen Plataformak eta, besteak beste, Euskal Herriko Bilgune Feministak bat egin zuen deialdiarekin. 70 bat lagun batu ziren, tartean deialdia egin zuten taldeetako kideak edota alderdi politiko guztietako ordezkariak, eta 15 minutuz emakumeek bizi duten egoera salatu zuten. Amaieran irakurritako komunikatuan, egoeraren adierazle diran hainbat datu aipatu zituzten, esate baterako, iaz Euskal Herrian indarkeriaren ondorioz hildako 5 emakumeak edota egunean 8 emakumek jasaten dituztela tratu txarrak EAEn. Honen aurrean, gizarteari erantzuteko deia luzatu zioten "berdintasun erreal baten alde". Honen harira, esan behar da, aste guztian zehar aritu direla Bilgune Feministakoak genero indarkeriaren inguruko datuak kaleratzen "Eta honen aurrean, zuk zer egingo duzu?" izenburua zuten kartel eta pankarten bidez. Era berean, gogoratu zuten egunero borrokatu behar direla emakumeen eskubideak eta ez soilik azaroaren 25ean.

AHTren aurkako kontzentrazioa, batzokiaren aurrean


Pasadan ostegunean, Euskal herriko beste hainbat herritan bezala, Zornotzan ere 50 herritar inguru batu ziren batzokiaren aurrean AHTren kontra protesta egiteko.
Elkarretaratzea AHT gelditu elkarlanak deitu zuen, arratsaldeko 7:30etarako, eta deiari kasu eginez, 50 lagun inguru bildu ziren kontzentrazioan.
AHTren proeiktua babesten duten partidu politikoak salatzea zen helburua eta horregatik kontzentrazioan ohiukatu ziren zenbait lemak, beraien jarreraren errefuxapena adierazten zuen. "PNV txikitzaile", "PSOE; PNV inposatzaileak"...
Zornoztan beste behin ere, ez zen falta izan ertzaintzaren presentzia, eta elkarretaratzearen azkenetan,kotxe patruila bat eta furgoneta agertu ziren, pankartaren aurrean. Ez zen inor identifikatua gertatu baina deialdiaren egieleek gogor salatu zuten, ekintza hauen aurka ertzaintza izaten ari den jarrera.
Aste honetarako, osteguna 29, beste elkarretzaratze bat deitu du AHT gelditu elkarlanak, oraingo honetan AHT egiten lagunduko duten enpresak salatzeko.

lunes, 19 de noviembre de 2007

Luis Urrengoetxea kalea giro brasildarrez bete zen larunbatean

Banderak, argazkiak... Larunbateko gaueko 9etarako dena prest zegoen Zornotzako Belatxikieta eta Urtza tabernetan. Jendea besterik ez zen falta gauari hasiera emateko; eta, beste behin ere, jendeak ez zuen huts egin. Jai brasildarrari hasiera eman bezain pronto, jendetza ikaragarria bildu zen bi tabernetan. Ikasturte honetako lehenengo jaia izan zen eta jendearen gogoa nabaria izan zen. Aurreko urteetako jaiek izan zuten arrakasta berdintsua izan zuen honek. Kaleko tenperatura eta tabernetako giroa alderantziz proportzionalak izan ziren gau guztian zehar. Luis Urrengoetxea kalean merkurioa ikusi ere egiten ez zen bitartean, jende andanak bete zituen tabernak. Sei bat orduz luzatu zen jaia eta egunerako propio prestatutako txupito tropikalek markatu zuten bidea. Hortik aurrera, inprobisazioa, norberaren esku gelditu zen.

Ezabaketa Eguna Zornotzan


Ostiralean, azaroak 16, ospatu zen Zornotzan Ezabaketa Eguna. Euskal Herri mailan burutzen den Ezabaketa Astearen testuinguruaren barruan zegoen kokatuta ekintza. Aste guztian zehar deialdia zabaltzen aritu ziren Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak. Eta, azkenik, eguna heldu zen. 20:30etan zegoen zita jarria pike parkean. Ordurako 30 bat gazte bildu ziren trikipoteo bat burutzeko. Parte hartu zuten guztiek karteltxo bana zeramaten aldean aldarrikapen eta salaketa desberidnak batzen zituztenak. Horrela, herriko kaleak trikitixa, pandero eta bertsolariek lagunduta egin zuten bidea. Erdaraz zeuden kartel eta seinaleak ezabatu egin zituzten. Luntx batekin amaitu zen gaua, baina arinago, Udaleko, polikiroldegiko eta anbulatorioko hizkuntza politikak salatzeaz gain, ofizialtasun erreal baten beharra aldarrikatu zuten. Kideak “oso pozik” ageertu ziren parte hartzearekin eta hurrengo urteari begira “erronka berriei ekiteko asmoa” agertu zuten.

ERTIBIL BIZKAIA 07

Arte plastikoak eta ikus entzunezko sorkuntza lanak ikusgai egon dir Zornotzan urriaren 30etik azaroaren 13ra bitartean, Zelaieta Zentroan egin den esposaketan.
Ertibil Bizkaia erakusketak XXIV. edizioa betetzen du aurten eta Euskal Herriko artista gazteen lanak 13 udalerritan egon dira eta daude ikusgai, besteak beste, Bilbon, Basaurin, Lekeition, igorren eta Zornotzan.
Lanak erakuskeatn jarri baino lehenago Ertibil Bizkaia 07ko epaimahaiak artista gazte bakoitzari zegokion saria eman dio. Epaimahaia Iñaki Imaz, Miren Jaio, Adelina Moya, Pilar Mur eta Josu Rekalde arte adituek osatu dute.
Sariketa honen irabazle, Lizarrako Lorea Alfaroren lana gertatu zen. kolore gorri ilunez margotutako koadroa da berea eta esaten duenez lan irabazlearekin "ilunabarraren zeruko koloreak eskuratu nai dira".
Arte gaztearen erakusleihoa beraz Ertibil Bizkaia 07. Lan ederrez gozatzeko aukera aparta.

lunes, 12 de noviembre de 2007

MAITE DUT EUSKARA BAINA, EUSKARAK ZERTARAKO BALIO DIT?



Joan den ostegunean, hilak 8, Gotzon Garatek euskararen inguruko hitzaldia eman zuen Zelaieta Zentroan. “Maite dut euskara, baina, euskarak zertarako balio dit?” izenburua zuen hitzaldiak eta Ametx erakundearen euskara programaren “Txikieraz euskaraz” atalaren barruan kokatua dago. Arratsaldeko 7etan izan zen hitzordua eta ordu horretan 60 bat pertsonek bete egin zuten Zelaieta Zentroko auditoriuma.

Ia ordu betez aritu zen euskararen inguruan hitz egiten. Lehenengo eta behin, euskarak gaur egun bizi duen egoera duela urte batzuetako egoerarekin alderatu zuen. Zentzu horretan, nabarmendu zuen euskarak gero eta garrantzi gehiago duela eta, era berean, etorkinak bertokotzeko berebiziko tresna moduan identifikatu zuen.

Bestalde, euskara mantentzearen garrantzia azpimarratu zuen, “hizkuntza galduz gero, Euskal Herria bera ere desagertu egingo litzatekeelako”. Honi lotuta, euskararen salbazioa ziurtatzeko bide bakarra independentzia zela adierazi zuen. Horrela bakarrik sahiestu baititzakegu Espainiar eta Frantziar estatuetako erasoak.

domingo, 11 de noviembre de 2007

NO apartheiden alde eta "itxaropena galdu gabe" Su Ta Gar Zornotzan


Ez zuen galdu ez talde gipuzkoarrak Zornotzan, azaroaren 9an, eman behar zuen kontzertua ondo joango zenaren itxaropena eta oztopoak oztopo kontzertu arrakastatsua eskaini zuen Su ta Gar-ek.
Zornotzako Zelaieta Zentroan jarrita zegoen zita. Azaroaren 9an gaueko 10etan Su Ta Gar, sarrera 12 eurotara eta kontzertuaren atzean aldarrikapena NO Apartheid, zornotzarron hitza errespetatu.
Arratsaldeko 4ak aldean hasi ziren prestaketak. Lekua txikia baina beroa zen eta gogotsu etorri ziren taldeko kideak Zornotzan kontzertu on bat emateko asmoz. Gitarra, bateria, bafleak, kableak, argiak, ahotsa... dena zegoen prestatzeko eta eta ordu batzuetako lana aurretik. Behin egokituta, erraz hasi zen muntaia eta erraz jarraitu zuen soinu teknikariarekin arazoak etorri ziren arte. Teknikariak ezin asmatu eta kontzertuaren hasiera ordua gero eta gertuago. Gaueko bederatziak eta giroa gori. Kableen arazoa konpondu gabe eta urduri antolatzaileak nahiz Gorosabel anaiak. Jendea zain.
Bederatzi terdietan oharra: "ordu erdi inguru atzeratuko da kontzertua akats tekniko batzuk direla eta".
Ordu erdi baino gehiago izan zen, 45 minutu inguru, baina atera ziren estenatokira sutagarreko kideak. 200 pertsona aretoan eta jendea ase behar. Lehenengo CDko abestiak jo zituen hasierako zatian zenbait abesti berriago tartean sartuz. Ikusleak pozik, buruak musikaren erritmoan dinbi danba eta ahotsak urratzeke.
Hor bigarren arazaoa. Bateriari bobonboko pedala matxuratu zitzaion. Ondo disimulatu nahi izan zuten baina ordu laurdeneko etena beharrezkoa izan zen konpontze lanak gauzatzeko.
Berriro estenatokira eta orain bai! Su ta gar, Jo ta ke! Dena emanez eta ikuslegoa berenganatuz. "Bagoaz Zornotza" eta beste bat, beste bat. Beste hiru eta bagoaz Zornotza, publikoa temati beste bat, beste bat. Estenatokira igo ziren hirugarrenez "Mari" bezalako abesti batez entzulea agurtzera!
Oztopoak oztopo beraz, baina 40 urte ingururekin rokero sena eta itxaropena ez dutela galduko ondo adierazi zuen talde hernaniarrak. Zorionak eta eskerrikasko Su Ta Gar!

martes, 6 de noviembre de 2007

Zelaieta parkean obra polemikoak


Orain hiruzpa lau hilabete hasi ziren obrak Zornotzako Zelaieta parkean. Obra hauen helburua lurrazpiko autoentzako parking bat egitea da, eta horretan dabiltza.
Eraikuntza lanak hasi aurretik ere, polemika eta arazo handiak sortu zituen parking berri honen proiektuak zornotzarren artean. Udaletxeak eraikin berria beharrezkoa zela esaten zuen bitartean, zornotzarrek ez genuen parking horren beharrik ikusten eta gutxiago, gure herrian hain esanahi berezia zuen Zelaieta parkearen eraldatzea ekarriko bazuen.
Lurrazpiko aparkaleku honen kontra egiteko plataforma bat ere sortu zen herrian eta erreferendum baten aldeko sinadura bilketa egin ostean 5000 herritar baino gehiagoren babesa lortu zuen.
Erreferendunik ez zen gauzatu ordea, eta eraikuntza lanak hasi egin ziren. Hiru hilabete inguru pasatu dira eta obrek berean jarraitzen dute. Parkinaren proiektua gauzatuz doa eta zornotzarrok egunetik egunera zelaieta parkea jasatzen ari den aldaketa ikusten dugu.
Aparkaleku berria ondo geldituko denaren zalantza izpirik ere ez daukagu eta beste Zelaieta parke moderno bat herriaren erdian ederto geratuko denarena ere ez, baina guretzako lehengoa ere polita zen.

lunes, 5 de noviembre de 2007

I. Argazki lehiaketa Belatxikieta Elkartean

Bart eman zen jakiteran Belatxikieta elkarteak antolatutako I. Argazki lehiaketako irabazlearen izena. Gaizka Izurza izan zen garailea eta asteburu baterako bidai bat eskuratu zuen.

Hilabete bat pasatu da txapelketa aurkeztu zutenetik eta partehartzaile kopurua apurka-apurka baina etengabe joan da igotzen. Honela, 28 lagunek hartu zuten parte, 83 argazki aurkeztu zituztelarik.

Zornotzako Baserriei buruzko argazkiak eskatzen ziren eta parte hartzen zuen bakoitzak 3 argazki aurkeztu zitzakeen gehien jota. Era guztietako argazkiak aurkeztu ziren baina, oro har, "maila nahiko altua" egon dela adierazi digu epaileetako batek.

Ia 2 ordu behar izan zituzteen 5 epaileek (argazkilaritzan adituak, argazkilariak...) erabakia hartzeko. Argazki bakoitzaren argia, enfokea, enkoadrea, orijinaltasuna eta abarrekoak aztertu eta ebaluatu ondoren, Izurzari eman zioten saria.

Antolatzaileekin ere hitz egiteko aukera izan genuen eta adierazi ziguten moduan, "oso pozik" agertu ziren, bai epaiarekin bai parte hartzearekin. Era berean, Elkarteak antolatutako ekintza guztietan parte hartzeko deia luzatu zuten.

sábado, 3 de noviembre de 2007

Hilerriak koloretsu domusantuetan

Aurten ere, urtero bezala, hilerriak jendez lepo egon dira hildakoen egunean, domusantu egunean. Asko izan dira beraien senitarteko hilak bisitatzera joateko asteburu honetan tarte bat hartu dutenak. Asko lore sorta eskuan senideekin pixka baten egotera joandakoak.

Urteko asteburu honetan, kolore ezberdinez jostez da kanposantua, loreek dituzten kolore ezberdinez alegia eta hiru egunetan itzuraldatu egiten da hilerria. Zornotzako plazan bildu ziren lore saltzaileek adierazi digutenez, krabelinak eta lore mota batzuk nahasten ziren erramuak izan dira aurten gehien saldu direnak.

Erlijioak bere egutegian ezarritako eguna da domusantu eguna. Hilei ohore egitera joateko eguna eta ohiturari jarraituz horregaitik hurbiltzen da hainbeste jende kanposatura. Panteoiak txukundu eta nitxoak berrapaintzeko momentua ere bada asteburu hau askorentzat.

Batzuk bisitan soilik, beste batzuk hilobien aurrean aita gurea errezatzen eta beste batzuk apainketa lanetan, baina kanposantua beterik eta lore saltzaileen poltsikoak era bai seguraski.

Zornotzako Udalak AHTren inguruko informazio bulego bat irekiko du


Zornotzako Udalak AHTk kaltetuko dituen bizilagunak informatzeko bulego bat irekiko du astelehenean. Helburua bizilagunei ahlkularitza legal eta teknikoa eskaintzea da. Lokala Konbenio kaleko 10. zenbakian dago kokatua. Kontsultak telefono bidez ere egin daitezke, zenbaki honetara deituta: 94 442 33 08.

Aytasa enpresak kudeatuko duen bulego horretaz gain, Udala ikerketa bat egiten ari dela adierazi du, "herriari hobeto datozkion alegazioak aurkeztu ahal izateko".

AHTk Zornotzan 3 zati hartzen ditu: Lemoa- Zornotza, Zornotza- Zornotza eta Zornotza- Durango. Azpiegitura horiek eraikitzeko 825.794 metro koadro desjabetu beharko dituzte, baita Astepe eta Leginetxe auzoetako etxe bana.

Zornotzako AHT Gelditu! Elkarlanak bere aldetik, "lotsagarritzat" jo du ekimena, hauteskundeetara begira "aurpegia garbitzeko saiakera bat besterik ez" dela adieraziz.

lunes, 29 de octubre de 2007

EHUNDAKA LAGUN ZORNOTZAN ANTOLATU DIREN JARDUNALDI MIKOLOGIKOETAN

Ehundaka bisitari jaso ditu asteburu honetan Zornotzako Zelaieta Zentroak, jardunaldi mikologikoak antolatu direla eta. Jardunaldi hauek Zornotzako Mikologia elkarteak antolatu ditu Ametx talde kulturalaren laguntzarekin eta jarduera ugari antolatu zituzten urriaren 26, 27 eta 28a bitartean.

Perretxikoen munduaz gozatu nahi izan duen oro gerturatu da Zornotzara eta antolatzaileek jakinarazi dutenez "espero baino arrakastatsuagoa izan da". Argazki lehiaketa, erakusketa mikologikoa eta zenbait hitzaldi prestatu ziren astebururako.

Erakusketan hainbat perretxiko mota ikus zitezkeen, alboan bakoitzak bere fitxa zuela. Fitxan izen zientifikoa, arrunta eta zizaren inguruko beste zenbait datu azaltzen ziren. Larunbatean gainera perretxiko dastaketa egiteko ere aukera egon zen Zelaieta Zentroan eta jendeak orduan gozatu zuen gehien.

Hala ere, inguruetan behin eta berriro entzuten zen "aurtengo uzta ez da batere ona izan eta perretxiko gutxi daude hainbeste bilatzailerentzat". Udazkeneko loreak krisian al daude ba?

domingo, 28 de octubre de 2007

ANDONI EGUSKIZA ZORNOTZAKO "LAGUN ONAK" PILOTA ELKARTEKO LEHENDAKARI IZENDATU DUTE

Andoni Eguskiza Etxebarria, EGUSKIZA , Lagun onak pilota elkarteko lehendakari izendatu dute, aurten profesionalen maila utzi eta gero. Eguskiza, Zornotzako montorra auzoan jaio zen 1977ko abuztuaren 22an eta 2004az gerotik profesionalen mailan aritu da. Asegarcerekin, kontratua sinatu ondoren urrezko mailako lehen partidua 2004ko maiatzaren 1ean jokatu zuen.
Orain hilabete batzuk, Asegarcek ez zion Eguskizari kontratua berritu eta profesionalen mailatik at geratu zen Zornotzako pilotaria. Ordutik Zornotzako “lagun onak” pilota elkartean aritu da buru belarri eta azken asanblada orokorrean elkartearen lehendakaritza Montorrakoaren esku uztea erabaki zuten.

Abian da aurtengo "Berbalagun" ekimena

Iaz bezala, aurten ere "Berbalagun ekimena martxan dago "Bihotza behar dogu honetan aritzeko" lelopean. Helburua, euskaldun berriek euskara praktikan jartzea da. Horretarako, euskaldun zaharrekin elkarrizketak mantentzean datza. AEK, Zornotzako Barnetegia, Zornotzako Udal Euskaltegia, Ametx erakundeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurrera eramandako proiektua da eta aurreko urtean izandako arrakastak bultzatu ditu antolatzaileak esperientzia errepikatzera.

Hiru edo lau pertsonaz osatutako taldeak eratzen dira eta, bertan, lehen aipatu bezala, euskaldun berri eta zaharrak mintzatzeko biltzen dira. Antolatzaile zein partehartzaileen ustez, euskara ikasteko ez ezik, jende desberdinarekin harremanak sortzeko balio du. Joan den astean egin zen aurkezpena eta gogotsu ikusi genituen denak.

lunes, 22 de octubre de 2007

Zornotzako Ipurtargi Gazte Asanbladak AHTren aurkako trikipoteoa egin zuen ostiralean


Ikasturtearen hasierarekin batera, Zornotzako Ipurtargi Gazte Asanbladak lan eta erronka berriei ekin die. Ikasturte honetako lehen ekintza publikoa hauxe izan da, hain zuzen. Iluntzeko 8etan abiatu ziren gazteak AHT STOP zioten kartelak zeramatzatela, eta une oro trikitixa eta panderoak lagunduta. Giro polita eman zioten gauari, bi orduz egon baitziren Luis Urrengoetxea kaleko tabernetatik aldarrikapena egiten. Ekimena ez zen oso jendetsua izan, 15 bat gaztek soilik parte hartu baitzuten. Hala ere, Ipurtargikoek zuten helburuetako bat bete zuten: larunbatean Durangon egitekoa zen AHTren aurkako manifestaziorako deialdia zabaltzea, alegia.

Iaz egin bezala, AHTren aurkako jarrera izango da taldearen ildo nabarmena. Beste hanbat gai ere jorratzen dituzte baina honi lehentasuna ematea erabaki dute, kideetako batek adeierazi bezala, "ezin dugulako onartu gutxi batzuen interesei jarraiki aurrera eramandako proiektu batek gure amalurra erasotzea".

"Agur eta ohore Gogor, herriak ez du ahazten ezta parkatzen."

Andres Izagirre Gogorza, "Gogor", omendu zuten pasadan larubatean, zornotzako ilerrian bildu ziren 100 bat lagunek. omenaldi xumea eta istilurik gabea izan zen.
Gogor, 1981eko urriaren 25ean, guardi zibilak erahil zuen, eta herriaren oroimenean badirauela gogoratzeko bildu ziren, zornotzarrak.
Omenaldiari hasiera eman zion manifestazioa Erreferendun plazatik hasi zen. Dantzari bi zioazen Gogorren argazkia eskuetan, eta atzetik senideak, manifestazioko pankartari eutsiz."Agur eta ohore Gogor, herriak ez du barkatzen ezta ahazten".
Manifestaldia hilerrira heldu bezain laster txalapartaren doinuek egin zioten harrera eta jarraian bertsolarien txanda izan zen. Hauek bukatu ondoren, Gogorren lagun izan zen alberto aldana iheslari politikoaren eskutitza irakurri zuen askatasuneko kide batek eta ohorezko aurrezkua dantzatu eta gero eusko gudariak abestuz eman zitzaion amaiaera ekitaldiari.

martes, 16 de octubre de 2007

BOSTEKO 07


Aurten hamargarren edizioa ospatzen duen "bosteko 07" erakusketak Bizkaiko bost udalerritangaur egungo Euskal Herriko zenbait artistaren lanak aurkeztuko ditu. Zornotzako Zelaieta zentroak emango dio hasiera erakustaldiari.
bosteko erakusketak Bonifacio Alonso gipuzkoarra eta Juan Luis Goenaga eta Fernando Biderbost artista bilbotarren lanak biltzen ditu.
Biderbostek mihise gaineko teknika mixtoa erabiltzen du bere lanetan, Goenaga eta Bonifacio oleo pintura mihise gainean plasmatzearen aldekoak diren bitartean.
Erakusketan bertan eskuragarri dagoen liburuxkan Alicia Fernandez arte kritikoak erakusketaren inguruko xehetasunak ematen ditu.
Fernandezen arabera, biderbostek bere mezuak ideia nahasietatik ateratzen ditu, naturatik edo egunerokotik hartutako datuak pilatuta lortzen dituen nahasketa abstraktuetatik. Erakusketan esekitako biderbosten hiru koadroak titulurik gabekoak dira.
Bonifacioren koadroak ere joera abstraktu argia eta adierazkortasun berezia dutela aipatzen da espresionismo abstraktura hurbilduz. Bere koadroetako bat "Van Gogh pintando los girasoles"
da.
Azkenik Goenagaren lanak daude ikusgai zornotzan. Lan hauek titulu euskalduneko lanak dira, "Gorrillun" edo "Dantz-ari" besteak beste. Fernandezek dioenez, Goenagak bere unibertso pertsonala finkatuta duela ikusten da bere koadroetan naturan, antropologian eta arkeologian oinarritutako unibertsoa.

domingo, 14 de octubre de 2007

atxiloketen aurkako mobilizazio eguna Zornotzan

Urriaren 4an Batasunako Mahai Nazionala ia bere osotasunean atxilotua izan zen Garzon epaile espainiarraren aginduz. Egun batzuk geroago, epaile berak espetxeratzeko agindua eman zuen.

Gertaeretatik ia 10 egun igaro diren honetan, oraindik ere ikus ditzakegu erreakzio eta erantzunak. Esate baterako, hilaren 11n, LAB sindikatuak Mobilizazio Eguna deitu zuen. Erasoen aurrean “herri gisa erantzun” beharrak eraman zituen deialdiak konbokatzera.

Zornotzan ere, Mobilizazio Eguna burutu zen. Goizeko 11etarako 40 pertsona Herriko plazan bildu ziren deialdi biren berri emateko: lehenengoan, eguerdiko 12etan Durangon burutuko zen manifestaziorako; eta bigarrena, Zornotzan bertan egitekoa zen betse manifestazio baterako, hau arratsaldeko 7:30etan.

Goizean iragarri moduan, arratsaldeko 19:30etarako 100 pertsona inguru bildu ziren Erreferendun plazatik abiatu zen manifestazioan parte hartzeko “ Errepresiorik ez. Marko demokratikoa Euskal Herriarentzat” lelopean.

Era berean, hurrengo egunean, urriak 12, Iruñan egitekoa zen independentziaren aldeko manifestaziora joateko deia luzatu zuten.

Mangamore, ekialdeko kulturaren erakuslehioa

Badirudi azkenaldian Ekialdeko kulturek entzute handia lortu dutela gure gizartean. Gero eta gehiago ikus ditzakegu horren adibideak eta, honen harira, Zornotzako Ametx erakundeak “I. Manganime Jardunaldiak” antolatu ditu, Mangamore izenarekin.

Aipatu jardunaldietan parte hartzen dutenek, 3 egun izango dituzte (urriaren 12, 13 eta 14, hain zuzen) Manga eta Anime-aren kulturara gerturatzeko. Guztira, ia 40 ekintzek osatzen dute kartela eta bertan, hitzaldi, erakusketa, joko, kontzertu eta hainbat tailerrekin gozatzeko aukera izango dute.

Kultura berri honek daukan arrakastagatik eta momentuz daukan presentzia urriak, jende andana ziurtatzen du Zornotzako Zelaieta Zentroan.

Informazio gehiago jasotzeko, antolatzaileek webgune bat egokitu dute: www.mangamore.net

KAOTIKA ANA ZORNOTZAN

zer pentsatua ematen duen pelikula batzuentzat. Eta askok ulertu ere egin ez duguna. Historio arraro bezain erakargarri batekin, euskal herriko beste hainbat txokotara bezala, Zornotzara ere heldu da Julio Meden euskal zinemagilea.
Ana, protagonistaren, bidaia bat kontatzen du luzemetraiak, bere bizitzako 4 urteetan zehar gertaturikoa, 18urte zituenetik, 22 urtera bitartean hain zuzen. Atzera buelta bat da, hutsera iritsi arte. Ana orduan konturatzen da ez dela bakarrik bizi eta bere inkontzientean badirautela beste bizitzaren baten tragikoki hildako zenbait emakumek. Hori da bere kaosa.
Arraroa bezain erakargarria eta lehenengoan ulertu duenarentzat pelikula ona ere bai. Zornotzan izan da asteburuan pelikula honen emanaldia eta aretoko kideek esan zutenez ez da egun batean ere aretoa bete. Igande arratsaldean izan ginen gu eta amaierako sentsazioa ez zen osoa izan. zerbait falta? ez ote du arraroak erakarriko?

domingo, 7 de octubre de 2007

sortu dogu gure bloga orain idazten hastea baino ez zaigu falta. ia ondo doan eta gustokoa izaten den!